VII. Landaola Sariak

Aurten ere, Gipuzkoako landa garapen proiektuei errekonozimendua egin asmoz, Landaola Federazioak VII. Landaola Sariak antolatu ditu. Hauek izan dira ekimen sarituak:

Erakunde pribatuaren saria: MAKATZA baserria

Familia ondareari segida eman nahian, Agurtzanek eta Aitorrek gurasoek urteetan baserrian egindako lanari jarraipena eman diote Legazpiko Makatza baserrian. Duela zazpi urte, Aitorrek industrian zuen lana uztea erabaki zuen baserriaren aldeko apostua egiteko. 2023an, Agurtzanek bere urratsak jarraitu zituen: lana utzi, Gomiztegiko Artzain Eskolan graduatu eta baserrira itzuli zen.

Jasangarritasun-printzipioak gidatuta eta zuzeneko salmentan eta kalitatezko produktuen ekoizpenean oinarrituta, familiako nekazaritza praktikatzen dute. Euren Idiazabal jatorri izendapena duen artzain gazta, ogia, magdalenak edota Errezil sagarraren gozoa dira horren isla.


Erakunde publikoaren saria: BERGARAKO UDALA. Oxirondo azokan Elika Enea sortzea.

Bergara erdigunean dagoen Oxirondo azoka biziberritzea du helburu egitasmo honek. Azokaren beheko solairuan, ohiko postuen alboan eremu zabal bat hartuko du. Bertan, besteak beste, sukalde komunitario bat eta denda bat egongo dira herriko eta inguruneko ekoizleen produktuak erosi ahal izateko.

Elikadura burujabetza eta bertako produktuak oinarri hartuta, “azoka garaikidearen” kontzeptuari heldu dio Elika Eneak, baserritarren produktuak lehen lerroan eskuragarri jarriz, ordutegi malguaz, kalitatezko eta konfiantzazko jakiak eskura ipiniz, sentsibilizazio jarduerak antolatuz, zein jantokien horniketa aukerak landuz.


Emakumeak landa eremuan saria: HITZEZ ELKARTEA

Hitzez elkarteak funtsezko garrantzia izan du landa-eremuko emakumeen ongizatean eta autonomian. 2007an Gipuzkoako Urola Kostako bost emakume baserritarrek sortua, elkartea aitzindari izan da emakume horiek beren bizipenak eta kezkak adierazteko eta beren osasuna eta garapen personala sustatzeko espazioak eskaintzen.

Emakume baserritarren arteko elkarrekintza sustatzea, gizarte- eta familia-errealitateari buruzko gogoeta egitea eta landa-eremuetan oreka bio-psikosozialeko eta generoko gaietan kontzientziatzea izan ditu zutabe urte guzti hauetan Hitzez-ek.


Urteetako ibilbideari saria: ELI ARRILLAGA

Eli Arrillaga baserrian jaio ez bazen ere, artzain-lanetan aritu da 1980tik, gaztagintzan buru-belarri. Ardi latxen artaldea du eta eurek ekoiztutako gatzagi naturala baino ez darabil gazta egiteko.

Elik Olaberrian igarotzen du negua bere artaldearekin; 1.200 metroko altueran, Urbiako Ttonttor bordan, aldiz, maiatzetik urrira. Dualtasun geografiko horri esker, bi gazta zaporetsu eta bereizgarri ekoizten ditu.

Olaberrian zein Urbian, Elik mendizaleak artatzen ditu gazta saltzeko, artzaien bizitza azaltzeko edo indarrak hartzeko mokadutxoa eskaintzeko. Berrikuntzak barneratuz eta aurrera eginez, sindikatu eta hamaika erakunde elkarteetan parte hartzen eta hartu du, Ebel, Artzai Gazta, Larsabi… azpimarratzekoak ELE eta Goimeneko lehendakari izanak, bestetik, nekaezina azaltzen da emakume artzaiari bisibilitatea ematen, ohiko lan eta ohituretan oinarritutako lana, mendien kudeaketetan duen garrantziaz besteak beste. Komunikazio eta sentsibilizazio dinamiketan duen parte-hartze aktiboari esker, artzantza kultura usadioak ondo baino hobeki gorde eta helarazten jarraitzen du Elik.


Sarietara hautatuak:

Bertatik.eus: Gertuko elikagaiak, bertan sukaldatuak.

Marisol Josefina Abreu: Psikoterapia online, aurrez aurrekoa eta ahalduntze taldeak pertsona migratuentzat.

Itturrua Goikoa: Itturrua Goikoa abeltzaintza.

Logikaline: Contact center eta bezeroaren arretarako zerbitzua.

Bio-k: Sagar Zirkle.

Usurbilgo Udala: Landa eremua ahaldunduz.

Zaldibiko Udala: Kixkurgune agrodenda.

Alkizako Udala: Fagus Alkiza herri garapeneko proiektua.

Beizamako Udala: Ostatuko denda.


LANDAOLA GIPUZKOAKO LANDA GARAPEN ELKARTEEN FEDERAZIOA
Olaeta auzoa, 6 - Goizane Zentroa - Zaldibia 20247
landaola@landaola.eus