Aurten ere, Gipuzkoako landa garapen proiektuei errekonozimendua egin asmoz, Landaola Federazioak V. Landaola Sariak antolatu ditu. Hauek izan dira ekimen sarituak:
Baserritik zuretzat proiektua COVID19aren pandemiaren lehen kolpe indartsuan hasi zen garatzen. Une horretan, konfinamenduak eragindako egoerak salmenta galarazten zuten elikagaien merkaturatzea zen helburua. Gipuzkoan kate motzeko elikadura sistema jasangarria garatu eta txertatzea da ekimen honen xedea, komertzialki erakargarria den eta ekonomikoki errentagarria den euskal produktu sare bat antolatuz, eta aldi berean, eroslearentzat berme marka bat sortuz. Gipuzkoako janari eta edari ekoizle txikien produktuak gertuko salmenta guneetan modu bateratu eta erraz identifikagarrian jendaurrean jarriz. Proiektuaren berrikuntza balio katean dago. Proiektuko partaide guztiek kontratu bidez adosturik dituzte prezioak, balio katearen hasieratik hasi eta amaieraraino. Horrez gain, jadanik sorturik dagoen distribuzio sare bat erabiliko da, horrela, distribuzio kostuetan ez da igoera nabarmenik izango.
Kanpoko multinazionalekiko menpekotasuna murriztu eta tokiko ekoizpenaren alde egitea du xede ekimen honek. Elikadura burujabetzan aurrera egiteko tokiko elikadura sistema propio bat eraikitzea bilatu nahi da, eta, horretarako, sektorearen fase guztietan esku hartu gobernantza eredu publiko-ekonomiko-herritarraren bidez. Ekimen honen bidez, nekazaritzarako-abeltzaintzarako lurren berreskurapena bilatuko da; ekoizle berrien ezarpena sustatuko da, eta, tokiko ekoizpenaren transformaziorako zein merkaturatzerako baliabide eta azpiegiturak eskainiko dira. Bide honetan herriko nekazaritza eta abeltzantza sustatzen laguntzeko, Hernaniko Udalak, Henaserekin (Hernaniko nekazari eta abeltzain profesionalen Elkartea) hitzarmena sinatu eta 50.000 euroko laguntza eman dio elkarteak dituen erronkak gauzatu ahal izateko.
Kalegunean hasi eta hezi bazen ere duela 9 urte, eremu hau utzi eta Soraluzeko Txurruka auzoko Egotza baserriko lur markaltsuetan ahuntz alpinoen ustiapena jarri zuen martxan. Soraluzen nekazaritzara dedikazio osoa duen baserritar bakarra da Nagore. Ibilbidea 54 ahuntzekin hasi bazuen ere, dagoeneko 90 inguru ditu. Gipuzkoan dauden lau ahuntzainetako bat da Nagore. Egotza izenarekin, hiru gazta mota merkaturatzen ditu: pasta prentsatua, gazta freskoa eta ruloa. Guztira, urtean 2.500 Kg gazta gutxi gorabehera egiten ditu eta azoketan zein herriko denda txikietan saltzen ditu. Animaliak izugarri gustatzeaz gain, proiektu honi ekiteko motibazio nagusiena seme alabak baserri giroan hazi eta hezitzea izan zen, lana eta familia kontziliatuaz. Nagore emakume ekintzailea izan da bere negozioa martxan jartzerakoan, baina horrez gain, haratago joan da eta gainontzeko ahuntzainekin sareak sortzeko iniziatiba izan du. Eskualdeko beste gaztagile batzuekin ere ekintza amankomunak sustatzeko bultzatzaileetako bat izan da eta gaur egun horiek garatzen jarraitzen du. Sari honekin balorean jarri nahi dugu Nagorek egin duen autua, Soraluze bezelako herri batean baserritik bizi modua ateratzeko, eta hala nola, baserri munduarekin inolako loturarik izan ez duen emakume bat izanik, hirigunetik baserrira joan eta ganaderitza eta gaztagintza ogibide bihurtzeko izan duen kemena.
Artzain munduaren egoera larriari irtenbide bat emateko sortu zen Gomiztegiko Artzain Eskola 1997an. Bederatzi ikaslerekin ekin zion bere bideari eskolak; ekintzailetza eta prestakuntza dinamizatuz, ardi eta ahuntz esnearen balio-katea suspertzen laguntzeko helburuarekin. Artzain Eskolak, urte guzti hauetan prestakuntza eredu bat garatu du, non prestakuntza enpirikoa, enpresako praktika etengabea, ardien eta ahuntzen balio-katearen ezagutza integrala ( animaliatik hasi eta esnekien salmentaraino), baserri enpresako bizipenak, eraginkortasuna edo lankidetza lantzen diren. Artzain Eskolak ahalegina egin du prestakuntza garatzeko berezko kultura, bere zerbitzu katalogo osoan ager dadin: bai profesionalei zuzendutakoan, bai beren jarduera sortu nahi duten ekintzaileei zuzendutakoan ere. 25 urte hauetan, 307 ikasle pasatu dira Artzain Eskolatik, 244 gizonezko eta 63 emakumezko. Etorkizunari begira, Artzain Eskolak sektorea biziberritzeko erreferentziazko eragile izaten jarraitu nahi du, bidegurutze, elkargune eta erreferentzia ardi eta ahuntzen balio-katearentzat.
Koldo Huegun: Lartzandieta- Baserri Konposta
Ainara Abasolo: Irrika Gluten free bakery
Argiñe Rubio: Katamixarren basoa
Ainitze Sala: Beiztin Berri Sendabelarrak
Latxari: kooperazio proiektua
Elgetako Eskola: Hamaiketako osasungarria Elgetako eskolan
Mendaroko Udala: Mendaroko hirigunetik ospitalera igotzeko igogailuak
Madura Elikagai Elkartea eta Segurako udala: Segurako Zopazoka
Baliarraingo Udala: Baliarraingo energiaren autohornukuntza fotoboltaikoa eta ibilgailuentzako karga
Saiaz Mankomunitatea: Saiaz Gizarte Zerbitzu Mankomunitatea
LANDAOLA GIPUZKOAKO LANDA GARAPEN ELKARTEEN FEDERAZIOA
Olaeta auzoa, 6 - Goizane Zentroa - Zaldibia 20247
landaola@landaola.eus