Aurten ere, Gipuzkoako landa garapeneko proiektuei errekonozimendua egin asmoz, Landaola Federazioak IV. Landaola Sariak antolatu ditu. Hauek izan dira ekimen sarituak
Enkarguk, Azpeitiko hainbat eragileren eta udalaren elkarlanetik sortutako ekimena da, elikadura arloko saltoki eta azokako hainbat ekoizleri salmenta bide berriak garatzen laguntzeko. Bezeroak Whatsappez bidali behar du enkarguen zerrenda, eta etxean, kontsignan edo saltokian jasotzeko aukera eskaintzen dio Enkarguk zerbitzuak. 16 dendak eta 13 ekoizlek hartu dute parte hasierako proba pilotuan. Bigarrengo fasean sartuta dago proiektua; herriko komertzio txiki gehiagori eta ekoizle gehiagori zabaldu dio eskaintza. Proiektu berritzailearen helburuak bertako produktuen kontsumoa eta herriko saltokietan egiten diren erosketa tokikoak eta gertukoak indartzea, erosteari balio erantsi bat ematea lehenengo eta hirugarren sektorean ekintzailetza sustatzearekin batera eta kontsumo eredu berriak eta jasangarriak sustatu herritarren artean.
Azken hamarkadetan, nekazaritzan eta abeltzaintzan diharduten herritarrak gutxitzen joan dira, eta horrek kanpoko produktu eta ekoizleenganako dependentzia areagotu du. Tendentzia aldatu eta elikagaien burujabetza maila berreskuratzen hasteko asmoz, udalak bitarteko desberdinak jarri ditu, lehen sektorean jardutea nahiko luketen herritarrei laguntzeko. Orain, eta egungo egoerari eta beharrei erantzunez, Lurbizi egitasmoa abiatu du: nekazari profesionalei zuzendutako lur egokiak bilatu baratza sortzeko, frutagintzarako edota ganadutegirako, eta etorkizunera begira ekoizpen ekologikoa bultzatu, nekazarien eta abeltzainen poltsa osatuz. Egitasmo hau 2016an jarri zen abian, eta ordutik, hainbat ekimen gauzatu eta lagundu dira diruz: Elika Kooperatiba Elkarte Txikia, Arraztalo Elkartea, Labore Oarso Kooperatibako dendaren egokitzapena eta Larremotx baserrian ur-kloradorea jartzea ardi gazta egiteko erregistroa atera ahal izateko.
Gabiriako Baztarrika baserrian emakumeen eskutik eman da etxeko erreleboa eta nekazal jardueraren jarraipena. Jarraipena ez da soilik baserrian egin, izan ere, sindikalgintzan eta emakume baserritarren EBEL elkartean ere mantendu dira. Gainera, bisitak eskaintzeari esker, baserri mundua hurbildu diete ehunka gaztetxori eta genero ikuspegia jorratu dute. Baztarrikako bisitak aukera paregabea bilakatu dituzte: arto aletze, gaztaina edo talo jan aitzakiaz lagunduta, su ondoko tertulia eta gizarte bilakaera hizpide, formakuntza eta sentiberatzea baliatzen dituzte, beti ere, nekazaritzaren emankortasuna emetasunetik arnastuz.
Europako iparraldetik lan egiteko modua ekarri eta Andutz Ondo ganadu kooperatiba sortu zuen beste hiru baserritarrekin batera. 60. hamarkada zen. Hurrengo urteetan INEKO Itziarko Nekazari Kooperatibaren hazia izango zen pentsu lantegia eta nekazaritza produktuen banaketa jarri zuten martxan, eta zuzendari ardura ere izan zuen. Era berean, Gurelesa, EHNE eta Lurgintza erakundeen sorreran ere jardun zuen 70. hamarkadan. Kooperatiba munduan aditua da, beraz, Joxe Landa. Azken urteetan, aldiz, eguraldi gizon gisa egin da ezaguna. Garaietara egokitzen jakin izan du eta baliabide ezberdinak erabili ditu iragarpenetako, hainbat komunikabidetan kolaboratuz. Kooperatibagintza munduan eta nekazaritzari lotutako industrian euskara tresna gisa normalizatzen aitzindaria izan da. Ekoizpen eta kudeaketa prozesuak euskaratu ditu, eta lan berezia egin du nekazari munduko terminologia zehatza eta naturaren zikloen ñabardurak eguneroko euskarara ekartzen.
Fede Pacha: Gure Elikagai
Etxezuri E.Z.: Latxa Energy
Iñaki Arregi: Urbizixa
Abaroa eta Baztarrika baserriak: Artzain produktuen merkaturaketa
Leintz Gatzagako udala: Uskoitz abeltzain elkartea
Zeraingo udala: Etorkizuneko etxebizitza politika herri txikietan
LANDAOLA GIPUZKOAKO LANDA GARAPEN ELKARTEEN FEDERAZIOA
Olaeta auzoa, 6 - Goizane Zentroa - Zaldibia 20247
landaola@landaola.eus