Aurten ere, Gipuzkoako landa garapen proiektuei errekonozimendua egin asmoz, Landaola Federazioak VI. Landaola Sariak antolatu ditu. Hauek izan dira ekimen sarituak:

Erle Beltz Hazleen Elkartea 2018an sortu zen Euskal Herriko zenbait erlezainen eskutik, Erbelen egoitza Zaldibiko Goizane eraikinean dago eta egun 45 bazkide inguruk osatzen dute.
Erbel elkartearen helburu nagusia Apis Mellifera Iberensis bertako erle beltzaren alde aritzea eta arrazaren kontserbazioa eta hobetzea dira. Hazkuntza Programaren bitartez, ezaugarri desiragarriak dituzten erreginak aukeratzen eta hazten dituzte, eta ezaugarri ez-desiragarriak dituztenak baztertzen dira. Bertako baldintzetara (klimara eta landaretzara) egokitutako erleak erabiltzen dituzte, eta hainbat proba egiten dizkiete, erreginen balio genetikoak eskuratzeko. Balio horien arabera aukeratzen dira hurrengo belaunaldiko erregina amak izango direnak. Taldean egiten dute lan, eta lortutako hobekuntzak talde guztian zabaltzen dira.
Egitasmo hau berritzailea eta aitzindaria da Euskal Herrian, eta baita Frantziar eta Espainiar estatuetan ere. Honen originaltasuna, bertako erle beltzaren Hazkuntza Programa balorizazio ekonomikorako tresna gisa osatzea da. Erlea berari balio erantsia ematea dute helburu bere balio ekonomikoa handitzeko.

Zumarragako Azoka bertako produktua, kultura, balioak eta Zumarragako aniztasuna batzen dituen larunbateroko topagunea da. Azoka udalerriaren erdialdean hiri-ekonomiako espazio gisa ezarri da (merkataritza-gune irekia bezala), azokatik abiatuta, eta nortasuna eta kohesioa trakzio-elementu gisa hartuta, energia eta indarra eman zaio udalerriko merkataritza-sare osoari. Bertan, KM-0 eta garaiko produktuez gain beste hainbat postu daude eskaintza global bat osatzen dutenak, textila, moda edo etxerako produktuak.
Zumarragako Azokaren helburua, bertako elikagai-ekosistema bat bultzatu eta garatzea da. Ekosistema honek, alde batetik, lehen sektorea integratzen du tokiko elementu bereizle gisa eta bestetik, herritarren elikadura kontziente eta osasungarri bat bultzatzen du.

1994. urtean Errezilgo bost emakumeek sortu zuten “Errezilgo Azoka”. Hasera batean Errezil sagarrari aterabidea emateko sagar alea saltzen hasi ziren baina berehala balio erantsia eman beharra ikusi zuten. Bide horretan, Errezilgo udalak utzitako lokal batean Errezil sagarraren eraldaketa gune bat sortu zuten.
Gaur egun, Errezil sagarrarekin egindakoak dira produktu nagusiak, baina beste fruitu batzuk ere erabiltzen dituzte zenbait produktu egiteko. Konpota, marmeladak, menbrilloa, sasoiko babarrunak, hurrak eta gazta dira Errezilgo Azokak ekoiztu, elaboratu eta saltzen dituen produktuak. Produktu guztiak ohiko eran egiten dituzte eta gehigarririk bota gabe.
Udaletxe azpian dituzte denda eta eraldaketa gunea, bertan egiten dituzte elaborazio guztiak, etiketatzeak… eta hortik ateratzen dira Errezilgo Azoka markarekin. Asteko egun guztietan zabalik izaten da denda, baita igandeetan ere.

80. hamarkada amaieran sortu zen Oihan Txiki artzantza eta gaztagintza kooperatiba. Orexa, landa inguruneko herri txiki bat izanik, herriko gazte talde batek herrian lan egin eta bizitzen jarraitzeko adierazi zuen nahiari erantzuteko modu bat izan zen. Herri oso baten apustua izan zen, eta egun, Orexako aktibitate ekonomiko nagusiena da.
Gaur egun Kooperatibak, 10 laguneko lan taldea eta 1500 ardi inguruko artaldea du, bere produktuen artean latxa ardiaren esne gordinez egindako Idiazabal Jatorri Deiturako gaztak, gazta urdina eta Otzara aurki ditzakegu.
Oihan txiki kooperatiba, artzantza kooperatiba bat baino gehiago da, gaurko eta etorkizuneko Orexarren beharrei erantzungo dien kooperatiba izan nahi du, herria gazteentzako erakargarria izaten jarraitu dezan eta bertan lanpostuak finkatzen jarraitu daitezen. Kooperatibaren ikur nagusia den ardi latxaren esne gordinez egindako Idiazabal Jatorri Deiturako gaztez gain, berrikuntzarekin jarraitzea dute helburu, balio erantsi handiko produktu gama berriak sortuz, turismoari ateak irekiz eta herriko ostatuarekin elkarlana bultzatuz.
Bordazar baserria: Familia-erreleboa, ekologiko eredura transformazioa eta eraldaketa/salmenta zuzena
Ereindajan Bergara: Ikasbidaiko otarren proiektua eta Angiozarko eskolako jangelaren antolaketa
Asier Lizarralde eta Ane Munin: Lizagasar Sagartokixa
Ibarbi Errezil Sagarra koop.: Elkarte izatetik kooperatiba izatera eraman duen ibilbidea
Hondarribiko udala: Bidez-Bide, Hondarribiko landa-eremurako eskaripeko garraio-zerbitzua
Zubillaga-Oñati hiltegia: Haragiaren balio katean hiltegiko zerbitzua hobetzen
Eibarko udala: Errebal plaza
Amezketako udala: Amezketako Pello Zabala gunea
Zarauzko udala: Zarauzko Merkatu Plazaren eraberritzea
LANDAOLA GIPUZKOAKO LANDA GARAPEN ELKARTEEN FEDERAZIOA
Olaeta auzoa, 6 - Goizane Zentroa - Zaldibia 20247
landaola@landaola.eus