I. Landaola sariak

I. Landaola sariak

Aurten, Gipuzkoako landa garapen proiektuei errekonozimendua egin asmoz, Landaola Federazioak. Landaola Sariak 1º edizioa antolatu ditu. Hauek izan dira ekimen sarituak


Erakunde pribatuaren saria: BIZILORE ESKOLA AKTIBOA ETA ABARAXKA ATERPETXEA. Hazitik kooperatiba

2015ean eratutako Hazitik Kooperatiba elkarteak ondorengo ideiak ipar hartuta ekin dio bere ibilbideari: bizi-prozesuekiko errespetuzko ikuspegia, norbanakoaren izaeraren garapen askea eta harreman orekatuen zein osasuntsuen aldeko apustua. Konprometituta daude pertsonekin, ingurunearekin, harreman zein prozesu jasangarriekin eta berrikuntzarekin, eta misio horren baitan abiatu dituzte Kukuerri landa auzoan bi proiektu berritzaile: Bizilore eskola aktiboa eta Abaraxka aterpetxea.


Erakunde publikoaren saria: TOLOSAKO UDALETXEA. Tolosako Santalutziko hazitegia

Tolosako Udalak, Fraisoro nekazaritza eskolak eta Tolomendik elkarrekin sustatu duten proiektu honek nekazaritza sektorean trebatu nahi duten ekintzaile berriei auspoa eman nahi die. Horretarako, baratzagintzako formakuntza eginda duten pertsonei hazitegiko lursaila eskaini zaie bi edo hiru urtean. Modu horretan, nekazaritza aktibitatean modu profesional batean lanean hasi aurretik, beraien proiektuei forma emateko aukera bermatzen zaie; ikasitakoa praktikan jartzen duten bitartean, edota lurra eskuratu artean. Proiektuaren lehen zikloa amaituta, bigarrenari hasiera emateko deialdia abian dute dagoeneko.


Aipamen berezia: Mendiko Gazta markari.

Mendiko Gazta

Lehendabiziko Landaola Sarien edizio honetan, aipamen berezia egin nahi izan zaio Mendiko Gazta proiektuari. Idiazabal Jatorrizko Izendapenaren barnean, mendialdeko eta artisau erako ekoizpen moduak erabiltzen dituzten gaztandegiak biltzen dituen marka kolektibo berria da Mendiko Gazta.


Urteetako ibilbideari. Landaola saria: ANTTON DORRONSORO ETA GERMAN MURUAMENDIARAZ 

ANTTON DORRONSORO

Igeldoko Ondazarte baserrian jaioa, nekazaritza sektorean urteetako ibilbide oparo bezain aberatsa egin duen gizona. Besteak beste, Ehne sindikatuaren sortzailea eta lehendakaria izateaz gain, Igeldoko Esnearen sustatzailea ere izan da. Aipatzekoak dira, baita, salmenta zuzenaren alde bertako komertzioekin egindako lana, edota salmenta bide berrietara egokitzeko aurrera eramandako ekintzak. Emaztearen inplikazioa ezinbestekoa izan du Dorronsorok beren ibilbidean. Ondazarte baserrian errelebo jenerazionala ziurtatuta erretiratu da, pozik.

GERMAN MURUAMENDIARAZ

Kooperatiba eta baserri mundua uztarri beretik bizi izan dituen gizona. Nekazal Ingeniaritza Teknikoa ikasi zuen Valladoliden eta Lana kooperatiban ekin zion bere lan ibilbideari. Gerora, Behi Alde kooperatibaren sorreran parte hartu zuen eta bertako gerentea izan zen hainbat urtez. Abeltzaintza arloko hainbat elkarteren sustatzailea ere izan da, eta Debagoieneko Landa Garapen Elkartea sortu zutenean, bertako Lehendakari izendatu zuten.

Azken urteotan, bertako baserriko produktuak babesteko lanetan aritu da; besteak beste, Label jatorrizko izendapenaren atzean, edota Kalitate Fundazioko zuzendari gisa. Azken urte hauetan, Sukal Leku Fundazioan aritu da lanean.


Sarietara hautatuak

Oiartzugo udala: Lurbizi  

Leintz Gatzagako udala: Gatz eguna eta azoka ekologikoa  

Urola Garaiako eskualdeko garapen agentzia: Bertatik Bertara  

Azpeitiko udala: Azoka plaza  

Lurrarte: baratzetik mahaira  

Elay enpresa: baratzetik enpresara  

Goierriko nekazal kooperatiba: hausnarketa estrategikoa eta birmoldaketa  


LANDAOLA GIPUZKOAKO LANDA GARAPEN ELKARTEEN FEDERAZIOA
Alkiza Plaza · 20494 Gipuzkoa
landaola@landaola.eus