VIII. Landaola Sariak

Aurten ere, Gipuzkoako landa garapen proiektuei errekonozimendua egin asmoz, Landaola Federazioak VIII. Landaola Sariak antolatu ditu. Hauek izan dira ekimen sarituak:

Erakunde pribatuaren saria: ERRASTIKO ESKOLA

Errastiko Eskola Arrasateko Bedoña auzoan kokatua dago. Lehen sektorea eta landa ingurunea ezagutzeko eta sustatzeko xedea duen hezkuntza-proiektua da. Ikasleek jasangarritasuna eta bioaniztasuna lantzen dituzte modu praktikoan, eta proiektuaren ardatzetako bat Errastiko okindegia da.

Hiru jarduera nagusi eskaintzen ditu:

  1. Bisita gidatuak, non ikasleek okintza, baratzea eta natura esperimentatzen dute.
  2. Diziplina anitzeko unitate didaktikoak, baserria, Bedoña eta okintza lantzeko.
  3. Bertako zein sasoiko produktuekin osatutako sukaldaritza tailer osasuntsuak.

Erakunde publikoaren saria: LEGAZPIKO UDALA. Arrobi: erabilera tradizionalak ondare naturalaren kontserbazioarekin uztartuz.

Legazpiko Udalak Arrobi mendiko lur sailak berreskuratzeko proiektua abiatu du, hainbat eragilerekin elkarlanean. Helburu habitatak babestea eta abeltzaitza tradizionalarekin uztartzea da, naturaren eta landa-jardueren arteko oreka bilatuz. Horretarako, ameztien azalera handitzea, larreak eta basoak hobetzea, espezie mehatxatuak babeste eta zohikaztegiak berreskuratzea dira lan-ildo nagusiak. Ekimenak adostasuna eta elkarlana ditu oinarri, abeltzaintza eta ingurumenaren zaintza uztartu eta etorkizuneko babesguneetarako eredu izan nahi du. 


Emakumeak landa eremuan saria: JOSEBE LIZEAGA

Josebe Lizeaga Astigarragako Gartziategi baserrian jaio zen, eta bere ibilbidea beti egon da lehen sektoreari eta baserritarren elkartasunari lotuta. Gaztetatik hainbat elkartetan parte hartu du, baserritarren profesionalizazioa eta elkarlana sustatzekohelburuarekin.

Bere lan ibilbidea GIFE elkartean hasi zuen, baserriz baserri esne-neurketak egiten eta datuak jasotzen. Landa-lan horretan, Gipuzkoan “Baserriko Esnea” elkartea sortzeko beharra ikusi zuen, eta bere ekimenez ezarri zen, salmenta zuzena indartzeko lanean arituz.

Aurrerago, esne-kontrola eta baserrietako hainbat zerbitzu uztartzeko helburuarekin, GIABEKO enpresa sortu zuten, eta bertan bazkide eta langile bihurtu zen. Bere lanari esker, baserritar askoren eguneroko jardunean hobekuntzak txertatu ziren, eta sektoreko profesionalizazioan aurrerapauso garrantzitsuak eman ziren.

Baserriz baserri izandako harremanetan, emakumeek lehen sektorean zuten ikusgarritasun falta agerian geratu zitzaion. Horri erantzuteko, “Baserriko Emakumeen Elkartea” (EBEL) sortu zuen, sarea indartzeko eta emakume baserritarren ahalduntzea sustatzeko.

Berrogei urte baino gehiagoko ibilbidean, Josebe Lizeagak baserritarren elkartasuna, profesionalizazioa eta emakumeen protagonismoa sustatu ditu. GIFE eta GIABEKOko langile gisa egindako lanaz gain, sektorean bide berriak jorratu eta elkarlana indartzeko hainbat ekimen bultzatu ditu. Horren erakusgarri dira “Baserriko Esnea” eta “Baserriko Emakumeen Elkartea” bezalako proiektuak, baserritarren etorkizuna indartzeko ekarpen garrantzitsuak bihurtu direnak.


Urteetako ibilbideari saria: MANUEL ODRIA

Manuel Odria Ibarguren 1943an jaio zen, Azpeitiko Odria auzoko Odria baserrian, sei anai-arrebako familia batean. Lehen hezkuntza maristetan jaso zuen, eta 12 urterekin Hondarribiko seminariora joan zen. Hala ere, fraile izatea ez zenez bere bokazioa, baserrira itzuli zen, familiak bere beharra baitzuen.

Bere ibilbide profesionalean, EHNE (1977) eta ENBA (1991) sindikatuen sorreran parte hartu zuen. Azpeitiko Udalean zinegotzi izan zen landa eremuko gaietan, eta 1987an Urkome Gipuzkoako Mendi Nekazaritzako gune pilotu gisa eratu zenean, bazkide eratzaileetako bat izan zen, lehenengo Zuzendaritza Batzordean parte hartuz.

Urte luzez Urkomeko zuzendaritza batzordean aritu zen, eta 1992tik 2008ra arte erakundearen kudeatzaile izan zen. Bere lanaren bidez, baserri bideen hobekuntza  eta azpiegituren kudeaketan lagundu zuen. Gainera, kanpoko esperientziak ezagutzeko aukera izan zuen, Frantzia, Ingalaterra, Eskozia, Kanada eta Israel bezalako herrialdeetara bidaiatuz. Bidaia horietan jasotako ezagutza Gipuzkoako landa garapenean aplikatu zuen, nekazaritza eta abeltzaintzaren sustapenean ekarpen garrantzitsuak eginez.


Sarietara hautatuak:

Henase, Hernaniko Nekazari eta Abeltzainen Sustapenerako Elkartea.

Goxart Obradorea.

Erro Gaztaren ibilbidea.

Argaia Goena baserria.

Amalda Biobotanika.

Oiartzungo Udala: Baserrietako ordezkapen zerbitzua

Oñatiko Udala: Oñatiko toponimia jaso eta ekarpenak egiteko aukera uzten duen mapa interaktiboa

Eibarko Udala: Basarrixa Hurretik

Berastegiko udala: Be! Artzain kultura

Azkoitiko Udala: Azkoitiko Berdura Plazaren eraberritzea 


LANDAOLA GIPUZKOAKO LANDA GARAPEN ELKARTEEN FEDERAZIOA
Olaeta auzoa, 6 - Goizane Zentroa - Zaldibia 20247
landaola@landaola.eus