IX. Landaola Sariak

Aurten ere, Gipuzkoako landa garapen proiektuei errekonozimendua egin asmoz, Landaola Federazioak IX. Landaola Sariak antolatu ditu. Hauek izan dira ekimen sarituak:

Erakunde pribatuaren saria: BIZI IRAUN, OIARTZUNGO BASERRITAR ELKARTEA

Elkarteak herriko nekazari eta abeltzainen sektorea sustatzea eta indartzea du helburu. elkartearen xede nagusia sektoreko profesionalei laguntza ematea da, haien beharrei erantzuteko eta egoera ekonomiko zein soziala hobetzeko bideak sustatuz. Aldi berean, ezinbestekioak diren baserriak eta haiei lotutako jarduera eta bizimoduak balioan jarri nahi ditu, desagerpena saihestu eta etorkizunerako jarraipen bermatzeko. 

Era berean, Bizi-Iraunek baserriaren balio estrategikoa azpimarratzen du: elikadura-sistemaren oinarria izateaz gain, paisaiaren zaintza, biodibertsitatearen babesa eta komunitatearen kohesioa beratzen dituen bizimodua da.

Elkartearen baitan, azpisektore desberdinetako baserritarrak elkartzen dira, sektorearen erronkei modu kolektiboan erantzuteko eta hobekuntza-proposamenak garatzen laguntzeko.m 2025 urtean, elkartearen ideietatik garatutako bi egitasmo esanguratsu jarri dira martxan:

1- Herriko gazteentzako udako praktiken programa: herriko sei gaztek hilabeteko egonaldia egin dute elkarteko bost kideren ustiategietan, lehen sektorea gertutik ezagutu eta nekazaritza lan esperientzia zuzenean bizitzeko aukera izan dutelarik.

2- Haragi-zirkuitu motza: herriko baserrietan gizendutako txekorren haragia Oiartzunen bertan merkaturatzeko ekimena da. Proiektu honen bitartez tokiko ekoizpena eta kontsumoa sustatu nahi dira, salmenta zuzena bultzatu eta herrian ekoizturiko ekoizpenak bertan geratzea bilatzen duelarik.


Erakunde publikoaren saria: ITSASO HERRIA. “Sindikatoa” Herri denda.

Itsasoko Alegia auzoko Sindikatoa dendak formatu berritzaile batekin zabaldu ditu ateak. Izan ere, saltzailerik gabeko denda autonomoa da. Ekoizleen eta bezeroen arteko elkargune izateko jaio da: ekoizleek zuzenean hornnitzen dute dendam eta bazkide diren herritarrek, behar bezala identifikatuta, nahi duten unean sar daitezke erosketak egitera.

Dendaririk gabeko formula zerbitzuari eusteko eta haren beragarritasuna indartzeko hautatu da. Itsaso 160 biztanle inguruko herria denez, gertuko zerbitzua funtsezkoa da eguneroko erosketak herrian bertan egin ahal izateko, autoa hartu beharrik gabe, eta aldi berean tokiko ekoizpenari irteera emateko.

Zerbitzuak, beraz, erosketak erraztuko dizkie herritarrei, bereziki mugikortasun zailtasunak dituztenei edo egunerokoan denbora justuarekin dabiltzanei. Ekoizleentzat ere abantaila nabarmenak ditu, produktuak saltzeko gune fisiko egonkorra eskaintzen baitie. Horrela, Sindikatoa denda tokiko ekoizpena balioan jartzeko eta merkaturatze-bide laburrak indartzeko tresna eraginkorra da.

50 bazkiderekin ekingo dio ibilbideari, gehienak itsasoarrak. Ezkioko, Gabiriako eta Ormaiztegiko erroldatuek eta bertan lan egiten dutenek, nahiz Itsason lan egiten dutenek ere bazkide izateko aukera izango dute.

Azken batean, Sindikatoa landa-eremuko jasangarritasunaren aldeko apustu praktikoa da: tokiko ekonomia aktibatzen du, ekoizpena balioan jartzen du, zerbitzuak hurbiltzen ditu, eta komunitatearen kohesioa sendotzen du.


Emakumeak landa eremuan saria: MAITANE BERISTAIN SALEGI

Maitane Beristain Salegi Lastur auzoan bizi eta lan egiten duen landa-emakumea da. 2004an, Lastur auzoaren biziraupenari eta dinamizazioari lotzeko erabakia hartu zuen Lasturko aterpetxearen kudeaketan murgildu zenean. Ordutik, egunez egun, taberna eta landetxearen ardura bere gain hartu eta auzoaren bihotzean kokatutako zerbitzu-sareari eutsi dio.

Bere lana ez da ostatu-zerbitzua eskaintzera mugatzen: bisitariak hartzen ditu, auzoaren historia eta ingurunea ezagutarazten ditu, bisita gidatuak eta tailerrak antolatzen ditu, eta espazio komun eta publikoak aktibo mantentzen laguntzen du. Horri esker, Lastur ez da soilik bisita puntualerako leku, harremanak sortzen diren espazio bizia baizik, bai auzotarrentzat, bai kanpotik datozenentzat. Horri esker, auzoak jarduera ekonomikoa, ikusgarritasuna eta etorkizunerako aukerak mantentzen ditu.

Gainera, 2018an, Ainhoa Gallardo ekintzailearekin batera emakumeek osatutako kooperatiba sortu zuen, lanaren antolaketa partekatuagoa eta iraunkorragoa bilakatzeko. Izan ere, landa-eremuaren errealitatea da emakumeak, askotan bakardadean eta lan-karga handiarekin aritzen direla. Baina kooperatibaren bidez, bazkideek eskaintzen dituzten ostatu-jatetxe-eta harrera-zerbitzuetan, jarduerak eta esperientziak elkarlanean garatzen dituzte, komunitatea eta tokiko ekonomia indartuz.

Landa-emakumeek komunitate oso baten orekan eta biziraupenean duten eraginaren adibide garbia da Maitane.


Urteetako ibilbideari saria: ALDABA ZAHAR ELKARTEA

Aldaba Zahar ustiategia, urte luzez Xabier Almandozen gidaritzapean, ez da ekoizpen hutsera mugatu; izan ere, ustiategi txiki baten bideragarritasuna, tokiko elikadura-katearen sendotzea eta gizartean nekazariaren lana berriro ere balioan jartzea uztartu ditu. Horregatik, nekazaritza eredu aurrerakoiaren eta konprometituaren adibide argia izan da Tolosaldean.

Artean, intentsifikazio-eredua nagusi zen garaian hasi zen Aldaba Zaharreko proiektua, eta eskala txikiko, gertuko eta lurraldearekiko lotutako planteamendua jarri zuten erdigunean. Tokiko merkatuari eta harreman zuzenari lehentasuna ematea zen helburua, kontsumitzaile eta ekoizleen arteko lotura zuzenak sendotuz.

Ustiategiak, gainera, nekazaritza ekintza ekonomikoa ez ezik, ekintza soziala eta politikoa ere badela erakutsi du, ibilbidean zehar labnda ingurunearen biziraupena, elikadura-burujabetza eta lurraren zaintza aldarrikatu baititu. Ikuspegi horiek eragin zuzena izan dute inguruko ekoizleengan eta Tolosako kontsumo ereduaren inguruko eztabaidetan. Hori dela eta, gaur egun normalizatuagoak diren planteamendu askoren aitzindari isila izan da Alaba Zahar Elkartea.

Proiektua, gainera, kanpotik etorritako gazteen ekimen kolektiboaren emaitza da. Hiritik landara egindako jauzi kontziente baten bidez, mekazaritza-eredu familiar tradizionalarekin hautsi eta nekazaritza eta ekologia balio zentral gisa zituen proiektua martxan jarri zuten, komuna moduan antolatuta eta sektorearekiko konpromiso argiarekin. Horregatik, Biolur Elkarteko kide aktiboak izan dira, Manttangorri proiektuaren sustatzaileak eta, urte luzez, Tolomendiko batzordearen parte.


Sarietara hautatuak:

Zubillaga Hiltegia.

Basagune kontsumo Elkarte Ekologikoa.

Basoberri (Soraluze baserri, Zegama) Ana Muñoa.

Soronea. Miriam Saldias eta Igone Saldias.

Luzaro-Errezilgo Azoka. Amaia Alberdi.

Igeldoko Toki Entitate Txikia.

Leintz Gatzagako Udala.

Itziarko Auzo Udala.

Saiaz Mankomunitatea.

Beizamako Udala.


LANDAOLA GIPUZKOAKO LANDA GARAPEN ELKARTEEN FEDERAZIOA
Olaeta auzoa, 6 - Goizane Zentroa - Zaldibia 20247
landaola@landaola.eus